no comments

Badakigu zein izan den Nafarroako lurrikararen zergatia

images

Zoruan ireki den arrakalak 10 cm. aldendu du Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegotik.

Atzoko albiste entzutetsuenetako bat izan zen Nafarroako lurrikararena, eta naturaren gauza balitz bezala hartu dugu, berez geratu izan balitz bezala. Baina Izparringia Nafarroako puntu ezberdinetara hurbildu eta gertaera aurrez aurre ezagutzera joan da.

Tresneria guztia lepoan hartu eta lurrikararen epizentrora abiatu da ekipoaren zati bat albisteaz jabetu bezain laster, Ziritzara, hain zuzen ere. Jendea lasai zegoen, ezer gertatuko ez balitz bezala, eta sekretu bat gordeko balute bezala begiratzen ziguten. Halako batean, etxe bateko atea ireki eta emakume zahar batek barruan sartzera gonbidatu gaitu burua kanpora atera eta albo banatara begiratu ostean, azkar sartzeko esan digu ahopeka, beldurtuta balego bezala.

Etxera sartu gara eta emakumeak gela ilun batera sartu gaitu, bertan argazkiak errebelatzeko behar den guztia zeukan, eta lanean zebilen. Erdi errebelaturik zeuden argazkietan Yolanda Barcinaren aurpegia ezberdindu zitekeen, eskuartean palanka antzeko batekin, lurrean sartu eta arrakala handi bat eraginez lur zati bi banandu nahi balitu bezala edo.

Emakumearen etxera arte iritsi dira arrakalak

Iruñerrian ere kalteak eragin ditu lurrikarak

Antza denez, Yolanda Barcina Nafarroa fisikoki Euskal Herritik aldentzea planeatzen zebilen aspaldidanik, eta gaur, praktikan jarri du, argazkietan ikusi bezala. Goitik behera beltzez jantzita agertzen da irudietan, hiru bat metroko palanka sendo batekin lurrean zulo bat egin eta bultzaka, eta antza denez Nafarroa Euskal Herritik hamar zentimetro urruntzea lortu du, eta gu lurrikara izan delakoan… Nolako inuzenteak garen!

Zoritxarrez, argazkien jabeak diru gehiegi eskatzen zigun horien truke, eta oraingoz ez daukagu finantziazio iturririk, beraz ikusi nahi izanez gero diru laguntzak beharko ditugu…

Hala ere, eta Barcina ez agertu arren, esandakoaren frogatzat balio duten pare bat argazki atera ditugu. Lehenengoan hark egindako arrakala sendoa duzue ikusgai, eta bigarrenean aldiz, Iruñeko emakume bat, palanka mugimenduen ondorioz bere etxeko sarreran eragindako arrakala erakusten.

 

 

 

No Responses

Utzi erantzuna IraitzMadariaga(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.