no comments

Ernaik aldarrikatu du Whatsappen tarifa aldaketa

Texting on the Float

Ainara Goitibeiti, Whatsappa lagunei bidaltzeko tentazio kapitalistari tinko eusten. (Argazkia: Keturah Stickann@Flickr)

Ernai Gazte Antolakundeak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, berak probokatu du Whatsappen tarifen aldaketa. Ernaiko kideek diotenez jokaldia “oso ondo atera da, eta gazteon komunikazioa multinazional kapitalisten eskuetatik askatzeko plan zabal baten lehen urratsa baino ez da”.

Ernaiko kide Ariana Goitibeitik azaldu du duela gutxi jaso zutela Whatsapp bidezko mezua, ohartaraziz gutxienez 50 laguni berbidali ezean zerbitzua ordainpekoa izatera igaroko zela. Goitibeitiren hitzetan “bi aukera genituen: Whatsapp egitasmo zanpatzaileei  men egin ala intsumisioa aldarrikatu”. Gazte Antolakundeak bigarren bide horri ekitea erabaki zuen, “eta kontsigna zabaldu genuen gutako inork ez zezan mezu hori zabaldu”.  Ondorioz, mezuak iragarri bezala, Whatsapp erabiltzaileei kobratzen hasi da.

Komunikatuaren amaieran, Ernaik deia zabaldu die Euskal Herriko gazteei “guk bezala jokatu eta Whatsappi planto egiteko”.

Erreakzioak

Manos Limpias sindikatuak ekimenaren aurkako salaketa jarri du dagoeneko, Whatsapp boikoteatzea “nazionalismoak sortutako munstroen biktimekiko begirune eta sentiberatasun faltaren erakusgarri argia” delako. UPyDko Rosa Díezen aburuz, berriz, “kanpaina honek ageri-agerian uzten du ezker abertzalearen hipokrisia, beste behin ere: nik neuk hamaika biderrez dauzkat ikusita neure herriko borrokak, plazako kajeroa erretzeko hitzordua Whatsapp bidez zabaltzen”.

EAJtik, bizikidetza baketsuaren izenean, ez dute gehiegi busti nahi izan. “Ongi egina dago”, azaldu du Markel Olanok, azalpen gehiagotan sakondu gabe. Patxi Lopezek, azkenik, Uribarri Ganboako urtegiaren ederra goraipatu du beste behin ere.

No Responses

Utzi erantzuna txargain(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.