no comments

Hamar urtez Urepeleko Artzaina abestu gabe

Santutxuko lagun talde bat Petritegin

Euskal Musikari eta Kantarien Elkarteak ohar baten bidez formalki eskatu du ez dadila abestu, behintzat hamar bat urtez, inongo txoko, sozietate zein sagardotegitan Urepeleko artzaina kanta sonatua. Are gehiago, ez dadila entzun ez irratiz ezta norbere etxeko intimitatean ere. Elkartekoen ustez alkoholak berotutako milaka eztarrik gupidagabe erasotu dute abesti gizajoa -berez bigun xamarra bera- eta “gaur egun ez dago kristaurik ezagutuko duenik” adierazi dute hitzez hitz. “Narritadura basatia jasan dute Xabier Leteren hitz eta musikak, batez ere Erramun Martikorenaren bertsioa nagusitu zenez geroztik” gaineratu dute elkartekoek oharrean. Herrizaingo Sailari ere egin diote dei berezia: “Eskatzen ari garen moratoria onartzen bada, legea betearazi egin beharko da, Ertzaintza honetarako ere badago. Koadrilaren bat aipatu-ere-ezin-den-abestia kantatzen ari dela susmatuz gero, bidal ditzatela beltzak”. Izparringia.net-ek jakin du Elkar-eko biltegietatik Erramun Martikorenaren CDak ateratzen ari izan zirela bart, beste norabait eraman eta leku seguruan gordetzeko. Zer gerta ere.

 

No Responses

Utzi erantzuna GoizaldeL(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.