no comments

Jonan Fernandezek ere salatu du Korrika

Bereziki gatazkatsu eta gogorra izan da 18. Korrika. Lehenago EHSM mugimenduak, IKA euskaltegi sareak eta Ttipi Ttapa aldizkariak bezala, aurtengo edizioko azken kilometroa nork eraman duen jakin ondoren, epaitegirako bidea hartu dute Jonan Fernandez eta Bittor Aierdik, Elkarri mugimendu bakezaleko koordinatzaile eta bozeramale izandakoek. Izan ere, Korrikaren aurtengo lema eman euskara elkarri zela ezagutu zutenetik, erakunde bakezaleko kideek jakintzat ematen zuten AEK-k beraiei luzatuko ziela Baionako azken kilometroan lekukoa eramateko proposamena.

Jonan Fernandez, AEKrekin zuen negoziazio mahaitik altxatzen

Jonan Fernandez, AEKrekin zuen negoziazio mahaitik altxatzen

Fernandezek Elkarriren markaren erabilpen gaiztoa salatu du Izparringiari egindako adierazpenetan. “AEKk Elkarriren izena baliatzea, hain zuzen Euskal Herria bake bidean lortzea jarri dugun une honetan, ez da zintzoa” adierazi du gaur egun Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza zuzendari denak.

Bere iritzia agertu du, halaber, Elkarriko militante ohi Aintzane Ezenarrok. “Azken hilabetean egunero entrenamenduak egin ditugu Elkarriko kide ginenok eta bertan behera utzi digute sortu duten ilusioa; AEK-k atzera begirako irakurketa zintzoa egin eta bere erabakiaren gaineko autokritika egin beharko luke”.

AEK-ko kideak kezkatuta

Ezustean hartu ditu salaketaren berriak AEK-ko eledunak, Baionan Korrikaren bukaera ospatzen ari ziren bitartean. Lehen erreakzioak eskatutakoan Korrikako arduradun Edurne Brouardek ez du adierazpenik egin nahi izan, baina Izparringiak jakin duenez, “beste bat? joan daitezela denok pikutara!” ozen bat entzun ahal izan da Baiona Ttipiko karrika guztietan.

Hala ere, iturri fidagarriek esan digute AEK eta Korrikaren komunikazio taldeak harremana hartu duela Elkarriko ordezkari ohiekin eta Korrika 19rako “euskara da euskaldunon lokarri” lema erabiltzea proposatu dietela. Proposamenaren arabera, 2015eko Korrikaren edizioa Aieten hasi eta Arantzazun bukatuko litzateke eta azken kilometroan Paul Riosek eramango luke lekukoa, Brian Currin euskalakariaren mezua irakurriz. Korrikako arduradunek Jonan Fernandez eta Bittor Aierdik salaketa erretiratzeko eskaria egin omen dute, datorren urteko edizioa hitzartzearen truke.

No Responses

Utzi erantzuna izparringia(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.