no comments

Pello Zubiria eta zabor edukiontziaren afera

Argazkia modu anonimoan iritsi zen gure erredakziora. Ate-azpitik.

zubiria11

Izparringiako ikerketa taldeak laborategian aztertu zuen argazkia. Ez zen muntaia bat. Benetakoa zen.

Berehala ipini ginen Pello Zubiriarekin harremanetan, azalpen eske. Momentuan erantzun zigun. “Ez pentsa zuek zaretenik argazki hori duzuen bakarrak. Esku gaizto bat, atez atekoaren aurkari sutsu bat, bistan denez, edonon zabaltzen ari da. EAJkoak eta PSOEkoak, hor ari dira, edukiontzia erretzeko asmoa nuela, barrenetik zaborra bota behar zuen hiritar zintzo bat erasotzera nindoala. Halakorik! Ez dut beste biderik: egia osoa kontatzea. Estimatzen da, DIARIO VASCOk ez bezela, argazkia lehen orrian, azal erdia hartuz argitaratzeko asmorik ez izatea. Zuentzat izango da esklusiba. Goraintziak Izparringia”

Bi egun ondoren iritsi zaigu Pello Zubiriaren

ERRELATOA

“Dena oso modu ustekabekoan hasi zen. Telefono dei bat siesta garaian, erle baten eztena bailitzan, eguneko tarte osasungarria izorratzera: Teofilo, nere lehengusina baten alarguna, berarekin duela hamazazpi urte kontaktorik ez nuena:

“Pedro, majo, que ahora que no os silban las balas en las Vascongadas, mevi a dar una vuelta por ahí. Tengo un chorizo y un quesuco de Liébana de la virgen. No me prepares ni la cama. En el sofá mi apaño divinamente. Desayunamos unas masdalenas del convento de las Clarisas, y me vuelvo pal pueblo que las vacas no saben vivir sin mí. Te arreo dos besos en dos horas dos horas y cuarto, depende del carburador, ale majo hasta ahora”

(Itzul nezake lehengusuak esandakoa, baina errelatoaren egiazkotasuna azpimarratze aldera, bihoa nere belarriek entzun bezala.)

Alperrik esan nion, etxeko atetik sartu orduko, Aizarnazabalen, atez-atekoa azaltzeko hitzaldi bat nuela. Sartu zen etxean gizona, eskabadorak eta bulldozerrak Zubietako zelaietan bezela. Eseri zen sukaldean, eta ez zen isildu hiru orduz. Txoixoa kontrako eztarritik joan zitzaionean bakarrik. Halako batean, komunera joan nintzen aurpegia frexkatzera, eta itzuli nintzenerako ez zegoen sukaldean. Jarraitu nuen bere ximaur usain sarkorra etxeko eskilaretan behera, eta han zegoen, atzera bere Renault 4an eserita. Kezka aurpegiarekin.

–         Que me he acordao, que el viterinario me dijo para darle el antipirótico a la Lola. Una vaca que me da más quebrantos que un nublao. Me voy y vuelvo pal año que viene. Que me lo he pasao divinamente, Pedro, majo.

Gogorik onenez – eta lasaitu ikaragarriz, esan ditzadan gauzak diren bezela – lagundu nion Lasarteraino lehengusuari, autobiako sarrera ingururaino.

Orduan gertatu zen. Ikusi zuen gizonak zabor-edukiontzi berde bat. Gelditu zuen R-4a. Ireki zuen maleteroa, eta han bota zuen, nere espanturako, zabor-poltsa bat, auskalo noiztik gordetakoa, edukiontzi berdera. Organikoa, papera, plastikoa, beira… Dena zabor-poltsa berean. Eta hantxe ni, kopilotoaren tokian eserita.

Fukushimako bigarren erreaktorea lehertu zenean ere ez nintzen hain atsekabetuta sentitu. Zabor guzti hura, bereizi gabe, barrura dena batera. Bidali nuen Teofilo Bañuelos de Bureba (Burgos) aldera, eta egin nuen edozein pertsona ondradu eta kontzientziadunak egingo lukeena: edukiontzian sartu eta poltsa hura atera. Etxera bueltan, dena ondo sailkatu, eta dagokion bezela berziklatzeko bidean jartzea zen asmoa.

Orduan gertatu zen. Flash-ak itsutu ninduen. Ezin izan nuen oportunista zikin horren aurpegia ikusi. Erraustegira bidaliko nuen bestela!

Nire izen ona zikindu nahi dutenek, asma dezatela nahi dutena. Hau da benetan gertatu zena. Eta froga gisa, nere lehengusu Teofiloren aitorpen idatzia, gertatutakoaren testigantza ematen duena:

 

zubiria13

 

No Responses

Utzi erantzuna izparringia(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.