no comments

Rebranding lanak Korrikan, salaketak saihesteko

18. edizioa oso zaila suertatzen ari zaie Korrikaren antolatzaileei. EHSM mugimenduaren eta Euskera Garbijaren Lagundiaren salaketen ostean, euskararen aldeko lasterketak furgonetatik oihukatzen diren leloak aldatu behar izan ditu, salaketak eta irudi eskubideen ordainketak saihestu ahal izateko.

Ika, ika, ika…

Araba eta Nafarroako hainbat euskaltegik osatzen duen IKA sareak, bere garaian AEKtik aldendutakoak, bere zerbitzu juridikoak bidali ditu Korrikaren antolatzaileengana, bere marka eta irudi eskubideak urratzeagatiko salaketa jartzeko asmoz.

IKAren ordezkarien arabera, Korrikaren furgonetetan klasikoa den “Ika, ika, ika hemen dator Korrika” leloa bere markaren “baimendu gabeko erabilera da, asmo erabat maltzurrarekin gainera: AEK-k korrika IKAren gauza ere badela sinestarazi nahi die gure ikasleei, horrela nahastu eta bere euskaltegietara bideratzeko”. IKAren abokatuek 24 orduko epea eman diote Korrikari bere marka erabiltzeari uzteko. Hala egin ezean, lasterketan bildutako diruaren zati bat eskatuko diote AEKri. “Eta ez da zati txikia izango”, argitu dute.

Joseba Kamio, rebranding lanetan

Gainera, IKAren zerbitzu juridikoek azaldu dute lasterketaren izena KorrIKA izateak berak ere bere markaren okerreko erabilera ote den. AEK aztertzen ari omen da datozen edizioetarako izena aldatu eta “KorrAEK” edo “LastAErK” deitzea. Joseba Kamiok ez digu konfirmatu nahi izan, baina zurrumurruek diote hari enkargatu diotela Korrikaren ‘rebranding’ lana.

Izparringiaren hacker taldeak pantailaren irudi hau lapurtu ahal izan du Joseba Kamioren ordenagailutik

Izparringiaren hacker taldeak pantailaren irudi hau lapurtu ahal izan du Joseba Kamioren ordenagailutik

Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa

Baztan-Bidasoa-Malerrekako Ttipi-Ttapa aldizkariak ere antzeko salaketa helarazi dio Korrikaren antolakuntzari. “Ttipi-ttapa marka erregistratua dugu” -azaldu du aldizkariaren arduradun Joxema Irigoienek- “eta bizi ditugun garai zailotan ez dugu batere zalantzarik izanen hori ere komertzialki ustiatzeko. Ongi iruditzen zaigu Korrikak gure marka erabiltzea, baina ulertu beharko dute hori ezin dela dohainik izan, are gutxiago dugun egoera ekonomiko zailarekin”.

Aldizkariak “ttipi-ttapa, ttipi-ttapa ko-rri-ka” oihuak erretiratu edo bestela haien truke kanon erretroaktiboa ordaintzeko eskatu dio Korrikari. “18 ediziotan pilo bat aldiz erabili du Korrikak gure izena, eta hori ordaindu egin behar da”.

Salekaten ostean, Korrikaren furgonatik oihu berritzaileak entzuten dira betiko klasikoen ordez. (Argazkia: Mertxe Mugika)

Datorrela Garzon!

Korrikaren arduradun Edurne Brouardek ez du adierazpenik egin nahi izan, baina bere lankideek esan digutenez, lehengo batean komunean sartu, atea barrutik itxi eta garrasika hasi omen zen “datorrela berriz Garzon eta eraman ditzala guzti-guztiak, mesedez!”.

Bitartean, Korrikaren furgonetako arduradunek lelo berriak pentsatu dituzte eta horiexek erabiltzen ari dira azken kilometroetan, klasikoen ordez. Eman euskara elkarri”, triki-taka, triki-traka, korrika”  eta “ator, ator, ator, korrika badator” oihukatzen ari dira megafoniatik.

No Responses

Utzi erantzuna Txopi(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.