no comments

Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da

Arrazoi sexualengatik (bai, ondo irakurri duzu), Bimbo enpresak eta Chilly enpresak beraien izenak trukatzea erabaki dute. Erabaki historiko honen zergatiak ulertzeko azalpen batzuk beharrezkoak dira…

Zer da Bimbo?

Bimbo enpresa orain dela 68 urte sortu zen Mexikon,  19 estatutan saltzen du (Espainian bai, Frantzian ez) eta guztira 150 fabrika ditu. Enpresa honen eta bereziki bere produktu batzuen arrakasta hain da handia, Hego Euskal Herrian adibidez, ezen jende askotxok “bimbo ogia” moldezko ogiaren sinonimotzat erabiltzen duen. Kontua da, Bimbo Taldeak arazo galanta duela bere zabalkuntza internazionalean, frantsesa edo ingelesa erabiltzen duten lekuetan “bimbo” hitzak nahiko lotura txarrak dituelako. Izan ere, argot hizkuntzan “itxura bakarrik axola zaien neska tentelei” bimbo deitzen zaie. Ingelesez dagoen kartel honek, hitzaren erabilera argi uzten du:

bimbo

“BIMBO. Beti janzten da horrela ezer interesgarririk esateko ez duelako.”

Euskaldunok esanahi hau gehiegi ezagutzen ez badugu ere, urteak dira “bimbo” hitzak ika-mikak sortzen dituela:

Zer da Chilly?

Ziurrenik, era honetako gertakariek bultzatuta, Bimbo enpresa beteranoak azkenik izena aldatzea erabaki zuen, duela hilabete batzuk iragarri zuen bezala. Jatorri mexikarra duen enpresa honek hautatutako izen berria Chilly izan zen. Behin erabakia hartuta, gauzak enpresarentzat hobera egingo zutela bazirudien ere, korapiloa gehiago handitu da, hautatutako izen berriak ere bere arazoak baititu.

Arazoen iturri nagusiak bi dira: alde batetik, “chile” hitzak Hego Ameriketako zenbait lekutan “zakila” esan nahi duelako, eta bestetik, Chilly izena duen enpresa batek izen bera erabili nahi izateagatik Bimbo salatu duelako. Gaztelaniaz dagoen bideo honetan ikus dezakegunez, Chilly enpresak alua garbitzeko xaboi bat saltzen du:

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=FC4Sf1qyztg?feature=oembed&wmode=transparent]

“Nire barren-barrenean txilia nahi dut”

Iragarki harrigarri honen zergatia ulertzeko, “chilly” hitzak ingelesez freskoa esan nahi duela argitu beharra dago.

Izen trukaketa

Chilly enpresak Bimbo enpresaren aurkako salaketa jarri zuenean, ohikoa den bezala batek irabazi eta besteak galduko zuela zirudien. Baina kasua nork epaituko zuen ikusitakoan, enpresak kikildu egin ziren eta biek ala biek asko gal zezaketela iruditu zitzaien. Izan ere, Concha Rubialesek epaile gogorraren ospea duen emakume ilehoria da.

Irakurleak susmatuko dituen arrazoiengatik, epaiketa hasi aurretik enpresek beraien kabuz aurkitu diote irteera gatazkari: izenak trukatu eta kito. Bimbo-k eta Chilly-k, Chilly-k eta Bimbo-k, prentsaurreko bateratuan azaldu zutenez, «negoziazioak hasi ziren egunean, norbaitek txantxetan izen trukaketa konponbiderik honena zela aipatu zuen» eta alde biei ideia bikaina iruditu zitzaien. Bimbo enpresak Chilly izena nahi zuen eta Chilly enpresari bere produktua Bimbo deitzea egokiagoa iruditzen zitzaion. Negoziazioak beraz primeran joan ziren eta irailerako iragarki-kanpaina internazional bateratua iragarri dute. Prentsaurrekora bildutako hedabideei ez diete iragarki-kanpainari buruz informazio gehiegirik eman nahi izan. Bimbo enpresak, ogi mota berri bat (pikantea?) kaleratuko duela bakarrik iragarri du eta Chilly enpresak top model ezagun batekin iragarki «bero-beroa» prestatzen ari direla bakarrik azaldu du. Irailera arte ez dute informazio gehiagorik emango.

Chilly enpresak Bimbo xaboia salduko badu ere, argi utzi nahi izan du «estereotipo mingarri horren aurka» dagoela eta «neska ilehoriak beste edozein gizon eta emakume bezalakoak» direla defendatzen duela.

No Responses

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.