no comments

John Brown: “errealitateak ez du zerikusirik kanta puto horrekin”

Bere izena behin eta berriz kantatzen da, Euskal Herriko zein mundu osoko milioika eskola eta haurtzaindegitan. Behinola indio txiki bat izandakoa koskortu samartua dago gaur egun, eta, IZPARRINGIAri esklusiban aitortu dionez, “abesti puto horrek infernu bihurtu zituen nire haurtzaro eta nerabezaroa”. John Brown indio famatua porno izarra da gaur egun, eta elkarrizketa intimo eta mamitsua eman digu “Uztaia gora-gora lurretik zerura” bere azken pelikularen grabazioko atsedenaldi batean. Bata zuri batean bilduta egin digu harrera berak sortutako Little Indian Studios ekoiztetxean.

John Brown ezaguna porno izarra da Estatu Batuetan. Eta gutxi du indio txikitik.

IZPARRINGIA.- Eskerrik asko John, tartetxo hau guri eskaintzeagatik.

JOHN BROWN.- Eskerrak zuei aukera hau emateagatik. Urte askoan gorde izan dut sekretuan nire sufrimendu guztia, eta uste dut badela garaia jendeak jakiteko. Ez nuke nahi nik pasa izan dudan guztia beste inork pairatu behar izatea.

I.- Sufrimendua diozu. Zer dela eta?

JB.- Nire izena baimenik gabe erabiltzen da “John Brown indio txiki bat zen” abesti txatxu horrekin, eta horrek sekulako kaltea egin dio nire irudi pertsonalari. Haurtzaro guztia negarrez pasatu nuen, inguruko ume guztiek “indio txiki” deitzen zidatelako etengabe. Ez nintzen inondik inora klaseko txikiena, ez pentsa, baina gurutze hori eskolaldi osoan eraman behar izan dut. Txisteak ere egiten zizkidaten, pentsa…

I.- Baina halakoak oso ohikoak dira haurren artean. Denok izan ditugu horrelako kontuak txikitan…

JB.- Bai, baina kontua erdi ahaztuta zegoenean, halako batean ume txikiagoak agertzen ziren nire izena daraman abestia oihukatzen… eta berriz hasten zen guztia. Gainera, kontuak okerrera egin zuen nerabezaro eta gaztaroan… Argi geratu zenean altueraz ez naizela txikia, ba, badakizu, nerabezaroko kontuak zer diren, “indio txiki” hori nire gorputz atal jakin baten erreferentzia zelako zurrumurrua zabaldu zen. Ligatzen saiatzen nintzenean ere barre egiten zidaten, ez zutela ezer jakin nahi “Nire indio txiki horrekin” eta abar. Latza izan zen, ezin duzu imajinatu ere egin…. (negarrez hasi da)

Gurasoen kezka bakarra abestiaren royaltie eta irudi eskubideak eta horrelakoak kobratzea izan da beti

I.- Baina, baten bat izango zenuen alde, gurasoak edo zer dakit nik…

JB.- Gurasoak? Bai zera, gurasoen kezka bakarra abestiaren royaltie eta irudi eskubideak eta horrelakoak kobratzea izan da beti. Sekula ez dira kezkatu mundu guztia nire inguruan indio txiki gora eta behera ibiltzeak zer kalte egin didan. Bakar-bakarrik sentitu naiz beti. Bakar-bakarrik!!! (John gaixoari kosta egiten zaio negarrari eustea).

I.- Edonola ere, nahiko ondo eman diozu buelta kontuari, ezta? Little Indian ekoiztetxearekin oso film arrakastatsuak egin dituzu, eta ikusten dugunez, gaizki ere ez zara bizi…

JB.- Bai, lan ‘arruntak’ bilatzen saiatu nintzen, baina inon ez zidaten aukerarik ematen, abestiak ekar zezakeen irudi eskasaren beldurrez. Azkenean neure kabuz hastea erabaki nuen. Pornoa egitea barre egiten zidan jendeari muturreko bat emateko modu bat izan zitekeela pentsatu nuen. Ideia hori buruan egin nuen nire lehen filma, “Indio txikia azkar samar hazten da”. Arrakasta komertzial izugarria izan zuen.

I.- Bigarrena ere oso ondo saldu zen…

JB.- Bai, aldarrikapen pertsonala egin ostean, banuen gogoa indioon irudi kolektiboa ere nolabait garbitzeko. Porno kontuetan badakizu zein fama duten esaterako, gizonezko beltzek… bueno ba “indio txiki” kontu horrek nolabaiteko fama txarra eman digu indio guztioi, eta horren kontra egin nahi nuen. Horregatik filmatu nuen “Indio bat, indio bi, hiru indio txiki”. Jendeak ikusteko errealitateak ez duela zerikusirik kanta puto horrek dioenarekin. Pornoa da, bai, baina aldarrikapenetik ere badu asko.

I.- Orain hirugarrenarekin zabiltza. Ezer aurreratzerik bai?

JB.- Txikitako kantutegia errepasatzen jarraitu nahi dugu eta –ahal dela– lehenengo filmaren arrakasta errepikatu. Hirugarren hirugarren film honen eszenarik beroenak auto eta furgonetatan grabatzen ari gara. Teknikoki erronka zaila da, baina uste dugu oso ondo funtzionatuko duela. “Uztaia gora-gora lurretik zerura” deituko da…

Halako batean, txirrin batek jo du nonbait, gugandik ez oso urrun, eta John arrapaladan altxatu da. “Sentitzen dut baina grabatzen jarraitu behar dugu”. Eskerrak eman eta alde egin dugu, kezkatuta, batzuetan zenbat kalte egiten dugun batere konturatu gabe.

No Responses

Utzi erantzuna mailooi(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.