1 comments

Sagardoaren dieta hemen da!

sagardoa

Pisua galtzeko era guztietako dietak edo jan-neurriak ikusitakoak ginela uste bagenuen ere, oker geunden, sagardoaren dieta hemen baita. Bai, ondo irakurri duzue. Ez gara sagarraren dieta motelari buruz ari. Ezta sagar-ozpinaren dieta ezagunari buruz ere. Dieta hauek eta baita orburu edo alkatxofaren dieta eta Atkinson doktorearen dieta, iragana dira. Gaur egun, euskaldunon artean ziztu bizian zabaltzen ari dena «sagardoaren dieta» da («txotx dieta» eta «mozkor dieta» bezala ere ezagutzen da).

Moda berri honi buruz gehiago jakiteko, Donostia ospitaleko Elikadura eta Garraio saileko Josefa Olasagasti doktorearekin hitz egin dugu Errezilen duen etxean eta datu argigarriak eman dizkigu: «Euskal Herrian sagardoa edateko ohitura antzinatik dator, I. mendetik gutxienez. Litekeena da, garai batean uraren ordez jendeak sagardoa bakarrik edatea zonalde batzuetan, batez ere Gipuzkoan, Nafarroako ipar-mendebaldean eta Iparraldean».

Dieta honen eraginkortasunaz galdetzean, Olasagasti doktoreak ez du zalantzarik: «Hartzidura prozesua legamiek burutzen dute, sagarraren azukrearekin gure osasunerako hain onuragarria den azido laktikoa eta eterra sortuz. Dieta hau jarraitzen dutenek ez dute sagardoa ez den beste likidorik hartzen, baina beste janari batzuk har ditzakete. Elikaduraren aldetik, dieta ondoen osatzen duten jakiak bakailao tortilla eta gazta dira. Intxaurrak ere sagardoaren osagarriak dira omega 3agatik, baina proteina asko ere badituzte eta moderazioz hartu behar dira pisua galdu nahi bada». Moderazioaren gaiari jarraiki, sagardoa edari alkoholikoa izatea arazoa izan daitekeen galdetu diogu Errezilgo doktoreari eta barrezka erantzun digu: «Ez, ez dago inolako arazorik. Argi dago umeek ezin dutela dieta hau egin baina orokorrean ezein umek ez luke dietarik egin behar. Helduei dagokionez, dietak irauten duen bitartean ez gidatzea gomendatzen diegu eta dietarik zorrotzena gau eta eta asteburuetan egitea. Borondate eta gogo handia behar da beste dietei eusteko, baina sagardo dietarekin alderantziz gertatzen da, jende guztiak pozarren jarraitzen du dieta hau».

Bukatzeko, gure irakurleen artean dieta honen zale askotxo daudela badakigunez, oso tentagarria aurkituko duzuen datu bat emango dizuegu: Kirikoketa S.L. izeneko enpresa batek etxean erabil daitezkeen dolare-eramangarriak saltzen ditu hainbat herritan egiten diren Sagardo Egunetan.

Eta zuek, sagardoaren dieta edo beste dieta miragarriren bat egiten duzue? Nola doakizue?

One Response

Utzi erantzuna Txopi(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.