no comments

Kike Amonarrizek umorearen muga aurkitu du

Joan den asteko ostegunean (apirilaren 25ean), Baionako Eusko Ikaskuntzako aretoan izateko plazera eduki genuen Izparringiako zenbait kazetarik  ElekatuElikatuk antolaturiko “Euskal Umorea?” saioan. Bertan, besteak beste, Beranduegi web telebistako Gorka Bereziartua eta Unai Brea aurkezleekin hizketalditxo bat izateko aukera izan genuen. Bertara hurbildu zirenekin batera euskal umorea zer den, umorearen mugak non dauden eta twitter sarearen publizitate kanpaina egin genituen. Azken honekin gainera, nabarmen geratu zen Baionan, txori urdinak baino arraroagoak garela euskal zibernautak… Baina, beno, hori beste baterako utziko dugu.

Umorearen muga

Twitterren eztabaida monografikoa alde batera utzita, euskal umorearen mugak non dauden zehaztu nahian ibili zen, gehienbat, hitzaldia. Politikari eta pertsona famatuei buruzko txisteak, umore beltza, eusko labeldun txiste edo aipamenak… Inor ez zen mugak zehazteko gai izan. Unai Break ez zuen busti nahi izan, Gorka Bereziartuak bere erreferentzia exotikoez despistatu gintuen eta Izparringiakook, twitterreko trolak aipatu genituen.

Bada, azken datuen arabera, atzo goizaldean, Kike Amonarrizek Donostiara bidean N1 errepide bazterrean aurkitu omen zuen umorearen muga. Zehatz esateko, Tolosa eta Andoain arteko 3. bihurgunearen parean. Amonarrizek esan digunez, kexu omen zen delako umorearen muga eta “ni aurkitzen kosta egin zaizue” esan omen zion. Gehienetan, herri pare bat harantzago, Lasarte edota Añorga aldera joaten omen da jendea haren bila. “Jode, azken aldian Beranduegiko hauek Donostia pasata ibili dituk!” esan omen zion. Bestalde, ba omen dago bertara hurbildu ere egiten ez denik. “Esaterako Vaya Semanita, Cambio Radical… puff, horiek Ordizia aldean ibili zituan nire bila…”. Bukatzeko, eskerrak eman zizkion bisita egiteagatik eta hurrena ere “pasa gabe” bertara hurbiltzeko eskatu omen zion.

No Responses

Utzi erantzuna Idoia Torregarai(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.