no comments

Hegoaldeko erakundeak Lapurdiko tren azkarraren alternatiba bila

larruntgv

SNCFk probak egin ditu jadanik TGVetako bat Larrungo maldan gora jartzen. Trenak biziki untsa erantzun omen du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, Ana Oregik, eta Nafarroako Gobernuko Sustapen Sailburuak, Luis Zarraluquik, euren kezka adierazi dute Lapurdiko Abiadura Handiko Tren Berriaren egitasmoa bertan behera geratzeko aukeraren aurrean.

Dirudienez, hegoaldeko linea Bidasoa ibaian geratuko da, eta hori “oso arrikutsua izan daiteke, batez ere igeritan ez dakiten herritarrentzat” -argitu du Oregik.

Turismoaren kaltetan

Hego Euskal Herriko bi erakundeen kezka nagusia “proiektua eteteak turismo aldetik sor dezakeen galera” dela azaldu du Zarraluquik, Iruñeko eta Gasteizko gobernuek batera deitutako prentsaurrean. Hori dela eta “lehentasun osoa” eman diote bi exekutiboek Lapurdiko AHT berria martxan jartzeari, eta plan alternatiboa eskaini diote Parisi.

Egitasmoa eteteko arrazoi nagusia ibilbide berria eraikitzea denez, Nafarroak eta EAEk eskaintza berezia egin diote Parisi: erabil dezala dagoeneko Hego eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen Larrungo Tren Txikiaren trenbidea TGVak bertatik pasatzeko.

“Egokitzapen lanak oso txikiak izango lirateke” azaldu du Oregik, eta lanak ti-ta bukatu litezke. Zarraluquik gehitu duenez, “abiadura ez litzateke handi-handia, baina hobe da hori egitasmo osoa bertan behera uztea baino”.

Parisko gobernuak ez du momentuz behin-betiko erantzunik eman, baina eskaintza “serio aztertzen ari direla” azaldu du.

No Responses

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.