Teletalo, talo goxoak etxeko berotasunean
Mundializazioak Eusko Kebab, Mac Talo eta Txistorring Tavern bezalako hibridoak ekarri dizkigu. Hibridazio prozesu honen gaina baina, Nafarroako Sesma herrian agertu da, Teletalo izena duen jatetxearekin.
IZPARRINGIAk jatetxea bisitatu eta bertako jakiak dastatu ditu: txorizo-taloak, odoloste-taloak, gaztarekin, piper gorriarekin, piper berdearekin (osagai gehigarri bakoitzak 0,50 €), zulodun taloak, talo laukiak, basandere taloak, txikitaloak haurrentzat, eta abar. Prezioak ikusita (ikaragarri merkea da dena), kalitate-prezioa ondo dagoela esan daiteke.
Tasio zerbitzariak azaldu digunez, jatetxe txiki honek hilabete gutxi batzuk baino ez daramatza irekita baina herritarren harrera bikaina izan du. Sesmara ez ezik, inguruko herrietara ere banatzen du Teletalok. «Iruñea urrun geratzen zaigu motor zaharrarekin joan eta etorrian ibiltzeko eta iruindar batzuk kotxez etortzen hasiak dira gure taloen bila». Dirudienez, jabeak (anonimotasunean jarraitu nahi duen amona bat), uda honetan Teletalo jatetxeak irekiko ditu Baxenabarreko Donapaleun eta Erronkariko Izaban. Frankiziak sortzeko eskariak ere jasotzen hasiak da: Amoroton (Bizkaia), Brinkolan (Gipuzkoa), Luhuson (Lapurdi)… Tasioren esanetan, «Euskal Herrian talo gose itzela dago eta Teletaloren helburua gose hori asetzea da».
Joxe Rojas liked this on Facebook.
Joseba Irazabal liked this on Facebook.
RT @izparringia: Teletalo, talo goxoak etxeko berotasunean http://t.co/a7MMG5l72m
https://izparringia.net/2013/06/teletalo-talo-goxoak-etxeko-berotasunean/