no comments

Ezker Murritza-ID + Irrigarri-Eski: Benito Lertxundiren kontzertuaren inguruan

Benito Lertxundiren eta Ez Dok Hamairu-ren kantutegiaren hedapenaren inguruko ekarpen gisa, eta Arraldeko udalak hurrengo egunetan antolatuko duen kontzertuaren aurrean, Ezker Murritza-ID (izquierda Des-unida) eta Irrigarri-Eskik ondorengo hausnarketak mahaigaineratu nahi dituzte:

  • Benito Lertxundiren diskografia Ez Dok Hamairuren ekarpenaren egikaritzaren barnean kokatzen da eta horregatik berau hedatzea defendatzen dugu. Kultur transmisiorako eskubidea, Anariren azken diskoarena barne, berariaz arautuko duen kultur eredu baten aldeko apustua egiten dugu gizarte guztientzako, baita Arraldetarrentzat ere.
  • Baina hamarkadetan izandako krisi kultural larrienetakoan  murgilduta, Arraldeko kultur elkartearen sektore batek babestutako kontzertu hau nahaskorra da beraiek hala nahi izan dutelako, Arraldetarrek ez dutelako aukerarik izan Benito Lertxundiren kontzertuaren xehetasunak jakiteko: kontzertuko errepertorio zehatza zein izango den, alegia. Ez da argitzen Oi Baldorba kantatuko duen , ulertzera ematen delarik publiko osoak entzun beharrekoa gutxiengo batek hartutako erabaki horren menpe geratuko litzatekeela. Gure iritziz Benito entzuteko eskubidearen egikaritza ondorengo ardatzetan oinarritu beharko litzateke: a) Errepertorio argi eta adostua; b) kontzertu bukaerako bis-ak argi eta hitzartuak; c) Arraldetarren aniztasun musikal eta kulturalari errespetua.
  • Printzipio demokratiko gisa ulertzen dugunez, uste dugu Benito Lertxundiren errepertorioa fronte kultural-identitarioen ekarpenen bidez zehazteak ez diola onik egiten, kaltetu baizik. Errepertorio aniztasun horren aldarrikapena transbertsalizatzeko lan egin behar dugu, Arraldeko korronte-kultural-ideologiko baten ondare esklusiboa izan ez dadin.
  • Gainera, Arralden, gure gizartean dauden kulturzaleen arteko gutxieneko kohesioa mesedetuko duen errepertorio pluralista lortzeko bidea ibiltzeke dago, Fermin Muguruzak eta Gozategik inposatutako ildo-kulturalaren presioz beteriko urte askoren ondoren.
  • Adierazitako guztiarengatik, ez dugu Benito Lertxundik Arralden eskainiko duen kontzertuarekin bat egingo; eta errepertorio parte-hartzaileagoa, demokratikoagoa eta kohesionatuagoa bultzatzen jarraitzeko apustua egiten dugu, bakoitzaren atxikipen musikalari begiratu gabe.
  • Horrekin batera, lanean jarraitzen dugu erabakitzeko eskubidea pertsonen bizitzengan zuzeneko eragina duten erabakietan ere aldarrikatzeko eta aplikatzeko. Mikel Markez edo Alaitz eta Maider, Oskorriren errepertorio klasikoa edo The Pub ibiltaria, Manent, Amaia Zubiria eta Gorka Knöör-en inguruan. Baita Zea Mays-en inguruan, ez bakarrik Negua joan da ta abestiaren inguruan, baita Kukutzaren aldeko abestiari buruz ere. Azken finean, edozein euskal musikarik eskaini dezakeenari buruz erabakitzea nahi dugu.
  • Horregatik kantu kalejiretan Erribera kantatzen jarraitzen dugu, jakitun izanik pairatzen dugun afinazio gabezia honek ez digula era isolatuan eragiten eta erantzun bateratua eta solidarioa ematea beharrezkoa dela.

No Responses

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.