2 comments

2020 urtea errepikatu egingo da

Halaxe da, 2020 urtea ez da heldu urteen batazbesteko estandarretara eta “Ez gainditua” jarri diote azken ebaluazioan.

IZPARRINGIAk jakin ahal izan du hasieran “Hobetu behar du” jartzekotan izan zirela, baina azken asteotako gertaeren ondoren, ezetz erabaki dute, aho batez.

Alabaina, ez gainditzeaz bat, urteari beste aukera bat ematea ebatzi dute, ea oraingoan ganorazko zerbait dakarren amaitzekotan dagoen 2020 honek. Year Evaluating Basque Center-Urteen Ebaluaziorako Euskal Erakundearen esanetan “azkenetan dagoen urteak inoiz beste urte batek izan ez duen aukera du: 365 egun oso izango ditu egindakoaz damutu, sortutako kalteak ordaindu eta izan ditugun jazoera latzen ordez, pandemia betean gaudelarik asmatzen zail diren gertakizun zoragarriak eskaini, une honetan gizarteak gainean daraman etsipena gainditzen laguntzeko”. Urtea 2020 (bis) deituko da eta historian lehen aldiz gehitzen da halako denbora epe luzea. Ezaguna da nohizbehinka tartekatzen dela segundo bat, lurraren errotazio-abiaduraren geldotzea konpentsatzeko, bada 2020 (bis)-ari gehitutako 31.556.926 segundo hauekin 14.400 urtetan ez litzateke erlojurik ikutu beharko. Dena abantaila, ikusten denez.

Negazionista talde batekin ere izan da IZPARRINGIA, eta, espero zenez, erabakiaren kontra daude: “Zertarako urtea errepikatu? Ez da ezer txarrik gertatu! Ez da normalean baino jende gehiago hil, katarrito bat baino ez da! EZTABAIDA ZIENTIFIKOA!!!!!”.

Beraz, IZPARRINGIAren lantalde osoaren izenean: 2020 (bis) zoriontsua!!!

2 Comments

  1. ERKIZIA RODRIGO MAITANE
  2. ERKIZIA RODRIGO MAITANE

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.