no comments

Lekeitioko herritar taldeek Bizkaitik desanexioa eskatu dute… Ondarroarentzat

eta Ondarroako taldeek, antzeko bidetik, Bizkaitik desanexioa eskatu dute… Lekeitiorentzat.

Igeldoko eta Usansoloko desanexioaren leherketari oraindik ere kea darion garai hauetan, badirudi, berriro ere, Euskadiko mapa eraldatzeko lanean ari direla talde batzuk. Izparringiak ezin izan du ziurtatu nortzuk izan ziren ideia izan zuten lehenak edo desanexioaren aldeko urrats eraginkorrenak ematen asmatu zuten lehenak; kontua da antzeko mugimenduak ikusi direla bi herrietan: herritar plataformak sortu dira; desanexioaren aldeko kanpaina aspaldi hasi zen; baina aspaldi honetan harrotu egin da.

Bide-orria.
Badirudi herritar talde horietan gauzak egin nahi izan dituztela legea gehiegi behartu gabe, “guztiok geure buruei eman diogun esparru juridiko-politikoa” hautsi gabe, hainbat ikuspegi eta borondate politiko bateratzeko ahaleginetan. Herritar plataformek, bakoitzak bere aldetik, Bizkaiko zerbitzu juridikorik onenak kontratatzeko ahaleginak egin dituzte. Horrela, bide guztiek helmuga berara eraman eta guztiek Zelai Nikolas konstituzionalista ospetsuaren abokatu-bulegoko zerbitzuak kontratatu dituzte, horretarako bakoitzak bere aldetik dirutza batu behar izan badu ere. Izan ere, zerbitzu juridikoak ez dira batere merkeak izan, –“Edozein Filosopí baño, hobe fideo-zopí” dio kontratatu duten abokatu bulegoaren leloak–, eta txosten-juridiko ederra saldu die bi herrietako plataformei, talde bakoitzari txostenaren bertsio bana. (“Asto bera saldu, hainbat erosleri” praktika merkantil eztabaidagarri hau ikertzeko konpromisoa hartzen du, hemendik, Izparringiak, betiere herritar xehearen interesak defendatzeko prest).

Ordaindutako dirutzagatik gehiegi kezkatu barik, txostenak merezi duela aitortu dute bi herrialdeetako plataformek. Offtherecord, ” Txostenín dena ra mamí” adierazi zuen baimenduta ez zegoen bozeroale batek.

Txosten juridikoa
Izparringiak, edo zehatz aitortzeko, Izparringiko bekadun batek esku-telefono bateko kamerarekin argazki batzuk egin zizkion txostenari (copyright saltsetan ez gara, oraingoz, sartuko abokatu-bulego baten kontra, badaezpada ere, eta ez dugu, oraingoz, irudirik argitaratuko).

Jaso dugun informazioaren arabera, –iturriak erabat fidagarriak, baina ezin aipatu–, txostenaren ildo nagusiak zera baieztatzen du: errazagoa dela erreferendum bat antolatzea herritik kanpo herrian bertan baino. Horrela, lekeitiarrak edo ondarrutarrak bere herriaren desanexioa eskatzeko erreferendum bat antolatzen saiatuko balira “guztiok geure buruari eman diogun esparru juridiko-politikoa”-ren kontra oldartzea izango litzateke, zalantza izpirik gabe. Edozein gobernu-delegatuk di-da batean jokoz kanpo utziko luke horrelako edozein bozka antolaketa. Baina, BAINA, “guztiok geure buruari eman diogun esparru juridiko-politikoa” askoz eskuzabalagoa da baldin eta kontua herritik kanpo ebazten bada, hau da erreferendum bat egitekotan, herritik kanpo antolatu beharko, aurrekonturik gabe, herri batentzat zer den onena bertokoek baino hobeto kanpokoek jakingo dutelako…

Hainbat argudio teknikoki oso konplexuetan galdu baino lehen, Izparringikook txosten juridikoaren ondorioetara zuzenean begiratu dugu. Horra abokatu-bulegokoen aholkua: “[…] antola ezazue bai, erreferenduma, baina ez herrian bertan bertoko herritarrek parte hartzeko, herritik kanpo baizik […]  Ez erabili horretarako inolako dirurik, ezta diru beltzik ere, delitutzat joko lukete Espainiako epaileek. Besteek erabaki dezatela […] Nork jakingo du, bada, zuentzat zein den estatus juridiko-politikorik onena? Bertoko herritarrek, mendeetako gatazkarekin itsututa, ala ingurukoek, urruntasunak dakarren perspektiba, argiarekin? Erreferendum bat antolatzea duzue baina herritik kanpo, herritarren parte hartu barik. Bertokoek, demokraziak hala aginduta, onartu beharko dute kanpoko gehiengoak erabakitzen duena. Desanexionatzearen aldeko bozka ateratzen bada, desanexionatu beharko…”

Erreakzioak
Jonan Fernández: “Bi herri horien artean mikro-adostasunen bat lortzetik, adostasun handiagotara lortzeko plana dauka gure lan-taldeak. Baikor gara. Lekeitiar batzuk eta ondarrutar batzuk lokatzetan, elkarrekin, mendi-bizikletaz lasterketa batean behin ibili zirela dokumentaturik dago. Azken finean gizaki guztiok lur-hauts berberaz egin gintuzten, eta bestalde, azken finean gizaki guztiok gizaki huts gara hamar zentimetroko lokatz geruza baten azpian. Lokatza partekatzetik, egunen batean matrimonio mistoak onartzeraino hel gintezke, zergatik ez; lekeitiar bat ondarrutar batekin ia-ia normaltasunean ezkontzea lortu arte lan egingo dugu. Zergatik ez?

Jose Antonio Azpiazu, EHUko katedraduna: “gatazkak erro sakonak ditu, Ganboatar eta Oinaztarren bandoen arteko gatazken garaietan ere gatazkak erro sakonagoak bazituen; ahozko tradizioaren arabera, gatazka Kain eta Abelen garaietan hasi zen. Bi herrietan ziurtatzen da auzokoen herria Kainek sortu zuela eta beraiena Abelek.

Carlos Iturgaiz: “Asuntoak oso errez konpontxen du: bi udalerriek herri-batasuna bat egin eta udalerri bakarra sortxen da: Lekeitiondarroa. Bi banderak josi eta, ez badute elkarren ondoan besteen banderan josita ikusi nahi, jartxen dugu Espainiako bandera erdian, bi banderan elkartxen”.

Artur Mas: “Si fallessin tots els nostres plans independentistes, sempre ens quedaria un estalvi guardat sota el matalàs. Llum ens l’ofereix un far situat a les costes biscaïnes”. [Gure indenpendentziarako plan guztiek kale egingo baligute ere, beti geratuko zaigu aurrezkiren bat koltxoi azpian gorderik. Argia Bizkaiko kostaldeko itsasargi batetik etorriko zaigu. (Itzulpena, gurea)].

Iñigo Urkullu/Imano Pradales: “Saiatuko gara, diskretuki, bi herrien arteko harremanak nolabait hobetzen”.

Arana ta Goiri’tar Sabin (Xitterren): Euskadi’ko askatasuna esan nebanean, in-de-pen-den-tzi-a, esan neban, baña ez euskal herri bakar batena!

Xabier Silveira: “Suposatzen dut norbere poza adieraztea besteen pena ez errespetatzearekin nahasten dugun mundillo honetan, bati baino gehiagori grazia putarik ere ez diola egingo”.

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.