no comments

Barcenas euskalduna?

Izparringiako ikerketa taldeak jakin duenez, Luis Fernandez (@Luistxo), euskal interneteko guru eta Codesyntaxeko kideak, zenbait euskal sarelarirengandik diruz betetako kartazalak jaso ditu, Umap-eko rankingeko postu gorenetan azaltzearen truke (twitterlari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen duen erreminta da Umap).

Hemen duzue Luistxo Fernandezek eskuz idatzitako zerrenda, bi sarelari euskaldunen izenekin, ustez bakoitzak ordaindutako kopuruekin (Izparringiak, datozen egunetan izen gehiago emango ditu).

 

barcenas5

 

Luistxo Fernandezek ukatu egin du berak inolako kartazalik jaso duenik; zerrenda horretan azaltzen den letra ez dela berea dio. Ikerketa kaligrafikoa eskatu berri du Izparringiak, eskandalua argitze aldera. Fernandezek oso mikatz erantzun die kazetariei (ikus argazkia), guztia difamazio hutsa dela, eta Izparringia epaitegietara eramango duela azpimarratuz.

 

BARCENAS6

 

Auzia argitze aldera, edo nahaste aldera, segun nondik begiratzen zaion, Xabier Mendiguren Elizegiren (@xme64) adierazpenak ditugu. Idazle eta editoreak, – hamargarrena Umap-eko zerrendan – aitortu du Luistxo Fernandezi kopuru bat ordaindu izana lehen hamarren tokian azaltzeagatik. “Ez nire egoaren mesedetan, baizik eta euskal idazleak Twitterren zaletze aldera. Idazleak zerrenda horretan goi postuetan egoteak, euskal literaturari sekulako bultzada emango ziola ziur nengoen. Damutzen naiz, baina ez hainbeste. Helburua zintzoa zen”.

Gorka Bereziartua (@Boligorria), Argiako kazetariak berriz, Umap-eko zerrendan zazpigarren postuan – @Gaztearen aurretik, besteak beste -, ez du adierazpenik egin, ezta tuit triste bat idatzi ere Izparringiak albistea eman zuenetik. Beranduegi saioan auziari nolako tratamendua emango dioten, izugarrizko jakin-mina dago. Euskal interneten inoizko saiorik ikusiena izatea espero da.

 

No Responses

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.