1 comments

EiTBko zuzendari berria sexugabea izango da

PSE-EEk ez du sexua duen inor onartuko zuzendaritzan

Patxi Lopezen alderdiak prentsa ohar batez jakinarazi du ez duela utziko EiTBko zuzendaritzan sexua duen inor egoten, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak kaltetuko lituzkeelakoan. Alderdiaren bozeramaileak esan duenez, “ezin dugu onartu sexua duen norbaitek gure lurraldeko hedabide publikoak kontrolatzea. EiTBk eredugarri izan behar du guztiontzat, horregatik, egokiena da sexugabea den norbait izendatzea zuzendari. Pertsona sexugabeek badakite zein diren herritarren beharrak, badakite harmonia ezartzen lantokian. PSE-EEk guztion onura bilatzen du. Hortaz, EAJri ezezkoa ematen jarraituko du hautagaia sexugabea den arte, hau aldaezina da”.

EAJko bozeramaileak etsipen handiz ikusten du sozialisten jarrera, “gure ahalegin handiena egiten ari gara haien gustuko den zuzendari bat bilatzeko, baina zaila da pertsona sexugabeak aurkitzea. PSE-EEk oso zuhur jokatu du gurekin, ez du konfiantzarik gugan, eta honek min handia ematen digu. Itxaropena geneukan euskal hedabide publikoei itxura berria emango geniola, baina euskara sustatzeko ametsa zapuztu egin digute; zalantzan jartzen dugu pertsona sexugabeek euskarari garrantzia ematen dioten”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, bestalde, gordin hitz egin du, zuzendaritzaren gaineko kontuek hedabideetako azaletan agertzeari utz diezaioten, “egun, herritarrek eta langileek hobe dute hemendik gutxira egingo diren murrizketetan jartzea arreta, zuzendari sexugabearen bilaketan baino. Datorrena datorrela, arazoak berbera izaten jarraituko duelako. Helburua EiTB krisitik ateratzea da, eta horretarako, denon kooperazioa eta parte-hartzea behar dugu”.

EAJk eta PSE-EEk esandakoaren aurrean, alternatiba ugari proposatu dituzte azken egunotan erakundeek. Momentuz, indartsuena Gazte Anarkisten Mugimenduak iradokitakoa da, alegia, zuzendaririk ez egotea, EiTBk asanbladen bidez lan egitea eta talde korporatiboko hierarkia guztiz desagertzea.

One Response

Utzi erantzuna txargain(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.