no comments

Elikagai sin, o,o, free eta dietetikorik gabe biziraun duen gabiriar batek komunitate zientifikoa aho bete hortz utzi du

Astelehen goizean egin zuen publiko Beasaingo anbulatorioak aurkikuntza sinestezina. Gregorio Goikoetxea Balerdi ohiko osasun azterketa bat burutzera joan zen bertara nahiz eta emazteak derrigortu behar izan zuen hogeita bost urte medikura joan gabe zeramatzala eta. “Burugor jartzen denean, ez dago Maritxuri ezetzik esango dionik…” adierazi zuen kazetarien aurrean.

Azterketa amaitzean eta  Gorrotxategi doktoreak idixko bat baina indartsuago zegoela ondorioztatu ostean, bere bizi ohiturez galdezka hasi zitzaion 67 urteko gabiriarrari. Galdeketa amaitzean anbulategiko mediku, erizain, idazkari eta bisitariz bete zen kontsulta gizon hark bizirik nola jarraitu zezakeen ulertu ezinik.

Ez omen zuen sekula elikagai dietetikorik probatu, are gutxiago azukre, koipe edo alkoholez libre zegoenik. “Azukrea kendu?” galdetu zuen harriturik. “Madalenak azukrerik gabe?! Zuek ez zaudete burutik sano!”.

aitona ona

Gregorioren osasunaz arduraturik Gorrotxategi doktoreak gabiriarra Donostiako Poliklinikara bidaltzea erabaki zuen han azterketa sakonago bat egin ziezaioten.  “Halako bizia daraman norbait edozein unetan geratu daiteke seko lurrean” adierazi zuenez.

Donostiako Poliklinikara anbulantzia medikalizatu batean garraiatu zuten N-1 errepidean barrena bidetik zer gertatzen zen ulertu ezin zuen bitartean. “Mijoa? Kinoa? Tofua?? Kontuz esaten dekenarekin eh! Kazkarreko bat emango diat eta!”.

Poliklinikako Ikerketa Taldea zur eta lur geratu zen telefonoz Beasaindik azaldutakoarekin eta gizon hark bizirik nola jarraitzen zuen ulertu gabe osansun azterketa eta elkarrizketekin jarraitu zuten. Istoriako aurkikuntzarik handiena izan omen daiteke DNAren deskodetzearen ondoren: “esnea ere osoa edaten omen du egunero!”

Gregorioren misterioa erabat argitu ez badute ere, Poliklinako Ikerlari Taldeak adierazi duenez, Nature aldizkariko hurrengo alearen azalean agertuko da gabiriarraren kasua. Kostatuko zaie ordea,  Gregorio berriro aztertzea, arratsaldeko bostetan arropak jantzi eta Poliklinikatik alde egin baitzuen sozidadean afaria egiteko janaria erosi beharrean zegoela eta. “Zer jango diau ba? Betikoa! Babarrunak aza eta odolkiarekin eta arkumea gero”.

Gabirira itzultzeko Maritxuren R5an sartu aurretik Poliklinika aurrean pilatzen ziren ehundaka kazetarien azken galderei erantzun zien. “Ea postrerik jan behar dugun? Noski, Maritxuk egindako letxe-fritak! Eta gero… Jainkoak agintzen duen bezala, kafea, kopa eta purua! Ez dakit badakizuen baina… kaxkarretik junda zarete gero…”

No Responses

Utzi erantzuna joxe(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.