no comments

Gazte beasaindar bat interneteko azken pantailara iritsi da

Jakina zen azken urteetan mundu osoko hainbat pertsona amarauneko azken pantailara iritsi nahian zebiltzala lasterketan zoroan,  jakintza osoaren bila; eta nahiz eta faboritoak King Jeung Park ipar-korearra eta Jeremiah Hofstader estatubatuarra izan, azkenean, Iker A. Z. gazte beasaindarra gailendu zaie eskuinetik, biei, eta lehia horretan ziharduten guztiei.

BJ79

Twitter bidez jakinarazi du arratsaldean Iker edo sarean ezagun egin den moduan, @BartJager79 beasaindarrak burutu berri duen balentria. Kazetariei esan dienez, nahiko aurreratua zuen lana baina pantaila bakoitza disko gogorrean gordetzen ari zenez arazoak izan ditu azken unean. Esan duenez “500 megako hirugarren disko bat behar nuen azken pantailak gordetzeko eta amak ez dit oparitu nahi izan pasa den Gabonak arte. Gau osoa egon nintzen pasta eta baxoerdiaren ondoan zain…”.

Famatu egin duen twittean azaldu badu ere, kazetari gehienen galderak pantaila horren ostean zer zegoen jakin-minak sortutakoak izan dira. Enigmatiko agertu da mikrofonoen aurrean “Bikingoen mapen antzera… Itsaslabar bat eta dragoiak… Nik… Zuek sinistuko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut…  Sutan zeuden espazio-ontziei erasoak Oriondik haratago. C izpien distira iluntasunean Tannhäuserreko Atetik gertu…

Jeung Park eta Hofstaderrek zoriondu omen dute Twitter bidez eta bi zorion mezuak hirugarren disko gogorrean sartu omen ditu “Noski, berriak ziren. Eske interneteko mobida hau amaiezina da, gauza berriak daude segundoro… Eskerrak hirugarren disko gogorra hasi berria dudan…”. Bere amaren etxeko ganbaran bizi den hogeita hamahiru urteko kultur-eragileak jakinarazi duenez, bere azken urteetako lana munduari egindako opari bat izan da “SOPA, Sinde edo La Salle Legeak indarrean daude eta norbaitek amaraun osoa etxean izan behar zuen hainbesteko jakintza ahanzturaren zuloan ez galtzeko”.

Hurrengo erronkengatik galdetu zaionean boteprontoan bota du erantzuna “Euskarara itzuliko dut goitik behera!” Kazetariek hori egiteko gai izango ote den zalantzan jarri dutenean ere, prest zuen erantzuna “Euskitzeren saio guztiak jaitsi eta enpollatu ditut. Nik uste gai izango naizela!

No Responses

Utzi erantzuna Pinoxmb(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.