no comments

Euskaltzain matxinoen komando armatu bat desegin du Ertzaintzak

Atxilotuetako bat

Atxilotuetako bat

Gaur goizaldean zehar gertatu den operatibo baten ondorioz, bost euskaltzain oso eta urgazle bat atxilotu ditu Ertzaintzak. Balirudike iskiluok Euskaltzaindiaren hil honen 20ko -biharko- bileran erabiltzeko asmoa zutela atxilotuek.

Jakitera eman dutenez, armaz josita zeuden atxilotuen armairuak, beheko argazkian ikus daitekeenez. Armez gain beste zenbait gai ugari ere atzeman dute poliziek: botikak (Viagra, Almax, Hemoal…), hortzordeei eusteko itsasgarriak, orinelak, gernu galketa arinendako pardelak, makuluak… Literatura aldetik, Michelin jatetxeen gida eta “La Tienda Del Abuelo” dendako katalogo oso bat atzeman dute agenteek.

Kazetarien artean zabaldu da manifestu idatzi bat ere hartu duela Ertzaintzak gaur goizaldeko polizia operazioan. Zurrumurruen arabera komandokideek idatzizko aldarri horixe irakurtzeko asmoa zuten batzartutako euskaltzain guztiak armen mehatxupean bahitu eta gero. Idatzian eskakizun zerrenda bat legoke Euskaltzaindiari zuzendua. Besteak beste, hauexek lirateke eskakizunotako batzuk: “bait” partikula bananduta idatz dadila berriro; “batetan, batetatik, batetara” eta gisakoak ontzat hartzea eta “joan behar naiz” lehenetsi dadila “joan behar dut”-en kaltetan. Azken eskaera honetan euskaltzain bizkaitarren babesa bilatzeko ahalegina ikusi du zenbait euskaltzaindiologok.

Afera -sindudarik gabe arras izigarri- honetaz gehiago jakin ahala eguneratu egingo du IZPARRINGIAk berri hau. Ez gara soraio geratuko, ez horixe!

Atxilotuei atzemandako armak

Atxilotuei atzemandako armak

No Responses

Utzi erantzuna izparringia(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.