no comments

Aberi Eguna batera ospatzeko deialdia

bruja_averia

Jaiaren maskota aberia sorgina izango da

Hego Euskal Herriko alderdi politiko gehienek, “garai berriekin bat eginez” Aberi Eguna batera ospatzeko deia egin dute gaur Iruñean egindako prentsaurreko batean. “Bada garaia gure arteko ezberdintasun eta ezadostasunak alde batera utzi eta batzen gaituzten elementuetan zentratzeko” adierazi du ekimenaren bultzatzaileetakoa den Yolanda Barcinak.

Alderdi Popularreko Carlos Urquijok ere ildo beretik jarraitu du: “aberiak denok batzen gaitu: nork ez du izan ezusteko edo matxuraren bat etxean?”. “Aurrera egitekotan, benetako etsai komuna non dagoen ikusi eta haren kontra egiten ikasi behar dugu, tinko eta elkarrekin” -gaineratu du Laura Mintegik- “zentzu horretan, Aberi Eguna euskal herritar guztiak batu eta zenbat gauza konpartitzen ditugun argi eta garbi ikusteko modua izango da. Lehen pausua bai behintzat”.

Telefono bidezko arreta zerbitzuak, biktimekiko iraina

Antolatzaileek zabaldu duten komunikatuan, lehen Aberi Egunaren helburua “telefono bidezko arreta zerbitzuen gehiegikeriak” salatzea dela adierazi dute. “Zerbitzu horietan ematen den arreta ez dator bat garai berriokin, eta biktimekiko errespetu falta hutsa dira”. Hori dela eta, lehen Aberi Eguna Zamudion ospatuko da. “Eskari zehatza egingo diegu call-centerrei: erantzunak luzatzeko eskuliburuak entregatu eta jarraian desegin daitezela”.

No Responses

Utzi erantzuna izparringia(r)i Utzi erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.