no comments

Ilgoropaldia: hostorez ekiteko garaia

Euskal Okinen Elkargoak Ilgoropaldia aurkeztu du, “euskarak okindegietan behar duen erabateko normalizaziorako azken urrats kolektiboa”.

close up photo of croissant
Opil honen izenak buruhauste ederrak ematen ditu egunero Euskal Herri osoko okindegietan. Argazkia: Abdulrhman Alkady on Pexels.com

Elkargoaren presidente aukeratu berriak, Irina Tiritxenkok, azaldu duenez, gero eta gehiago dira erabat euskaldunduta dauden okindegiak, baina guztietan ere, bada arazo larri bat, egunero-egunero drama izugarriak eragiten dituena: “Ustez frantsesak diren baina benetan Vienan asmatu omen gosaritarako hostorezko opil gozo horien izena. Jendea frantsesezko izenarekin geratu da, baina inork ez du oso argi nola esan behar den, eta horrek gaizki-ulertze eta trago txar handiak eragiten ditu egunero-egunero”.

Hostore-estresa

Tirintxekok azaldu duenez, zientzialariek sakon ikertu dituzte fenomeno honen nondik norakoak, eta izena ere jarri diote: hostore-estresa. Bezeroa okindegian sartzean, inoiz ez daki oso seguru kroisant, kruasan, kruasant, kurasan, kroasant, kroasan ala nola deitu behar dion opilari. Horrek estresa sortzen dio eta, sarritan, lotsaren lotsaz, bezeroa okindegitik ateratzen da ezer erosi gabe. Hostore-estresaren inpaktu ekonomiko negatiboa urtean 1.560.450 euro ingurukoa da, Irina Tiritxenkoren arabera.

Ariketa soziala gure hizkuntza ohiturak eraldatzeko

Hori dela eta, Okinen Elkargoak ILGOROPALDIA antolatu du, “gure hizkuntza ohiturak eraldatzeko ariketa soziala”. Proposamena erraza da: 15 egunez, azaroaren 21etik abenduaren 5era, nahi eta ahal dutenek konpromiso aktiboa hartuko dute opil frantses horiei beren euskarazko izenez deitzeko: ilgoropil. “Hitza erabat zuzena da euskararen ikuspegia, eta jatorrizko izenaren mamiaru eusten dio: ilgora + opil. Erabat erraztuko die bizitza bezeroei, batez ere deklinatu behar denean. Espero dugu ondoren bezeroak askoz lasaiago sartzea gure dendetara, eta ilgoropilen salmenta biderkatzea”.

Parte hartzeko hiru modu

Ariketa sozialean parte hartzeko hiru modu egongo dira:

ILGOROBIZIAK izango dira opilen izen berriarekin erabat ados dauden eta izena zabaltzearen aldeko lana hartu nahi duten pertsonak. OKindegi edo kafetegietan ez ezik, eguneroko hizkeran ere ‘ilgoropil’ hitza tartekatzeko ahalegina egingo dute, terminoa normalizatu eta bere hedadura errazteko.

ILGOROPRESTAK, berriz, hitzarekin oraindik oso eroso sentitu ez, baina besteen ahotik entzun eta onartzeko prest dauden pertsonak dira. Oso elementu garrantzitsuak izango dira hitzaren normalizazioan, paper pasiboa jokatu arren.

Azkenik, ILGOROGUNEAK izango dira talde, enpresa eta bestelako kolektiboak (kafetegiak, txutxidendak, supermerkatuak), non ilgoropil hitzaren erabilera modu aktiboa sustatuko den, dela bertako langile edo kideen hizkeraren bidez, dela karteleria eta se├▒aletikan.

Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.